XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina ez dira idazleak, beti ere fikziotik inor baino hurbilago imajinatzen ditugun izakiak, EDADEAREN ITURRIA emakume gazteengan aurkitu uste izan duten bakarrak.

Papandreu Greziako lehen ministrari-ohiak ere kasik politikaren nekearekin batera utzi zuen bere emazte zaharraren aspermena eta maitale gazte batek urrundu zizkion betirako tentsio guztiak.

Panamako Endara ministrariak ere aginte-aulkiak baino gehiago iraun eta berotasun sakonagoa emango dion emaztea aurkitu du, askoz gazteagoa den emakume batengan.

Honako hau dute amankomunean denek:

Gizonezkoak: Gizartean arrakasta eta eragin nabaria lortu dute, haien gorputzak, ordea, gainbehera datoz.

Azala soberan, bizkarra gero eta okerrago, tripa gaindituezineko barrikada, hanka meheegiak... inoiz kirolik egin gabeko piztiak dira.

Emakumezkoak: Zahartzaroaren arrasto nagusienek ez dute oraindik haien aurpegirik inbaditu.

Irribarre zabalak, hortz zuriak, titi handi eta ederrak (bihotzeko aldizkariei esker dakigu hori Cela, Papandreu, Moravia eta Endararen kasuan)... maitalea beso beroetan hartzen duten egunsenti argiak dira.

Gizarte mailan, aldiz, ez dira ezer apartekorik, denok dugun ohizko lagun eta sendiartetik aparte.

Baina, zer bilatzen dute zahar horiek emakume gazteagoengan, sospetxatzekoa den EDADEAREN ITURRIAren suzedaneoaz aparte?

Batetik, euren arrakasta profesionala lortu dutenean, editoreak, irakurleak, botoemaileak berenganatu ondoren, droga horrek beste pauso bat ematera bultzatzen ditu.

Nork gehiago seduzituko karrera horretan, lehendabiziko zenbakia daraman fansaren bila hasten dira.

Arrakasta aurtengo udaberrian ere loratu den zuhaitza dela demostratu nahi dute, ez malkorreko haritz tantai baina lehorra.

Bestetik, sexuari ikasgai berriak erakutsi nahi dizkiote, dudarik gabe.

Pipiari armairu zaharra bezain ezaguna zaie emazte eternalen maitasuna egiteko modua eta, bizitzarekin kontuak garbitzeko sasoia heldu zaien unean, gauza gutxi dira, pertsona baten ondoan hainbeste urte pasatzean, denbora, maitasunerako ahalmena eta indarra alferrik galdu dituztela pentsatzeak sortzen dien larritasuna eta estualdia baino sakonagoak.

Gizarte mailako arrakasta gauza bat da, eta arrakasta intimoa beste bat.

Nahigabeak arrakasta intimoa erasotzen duenean, gizarteko arrakastak ez du ezer sendatzen.

Euren ofizioa besteengan lilura, sedukzioa sortzea denez, emakume gazte bat maitenduz jartzen diote tiritasa arrakasta intimoaren zauriari eta sexua, berriro gorputz gazte, kurba lirain eta amorantea bereganatu eta irensteko gogo sutsuaren aurrean, indartu eta sasoia neurtzeko termometro bilakatzen da.

Modernitateko lehenengo komedia handiak agure baten eta neskatxa baten arteko harremana kontatzen du.